• Udalak azpimarratu du Lazkaoko herriak erantzun aparta eman duela baheketan izandako parte-hartze handiagatik, "erantzukizunaren eta gizalegearen adibide bat emanez, kutsatze-katea apurtzen eta birusaren hedapena geldiarazten lagunduko baitute".

Lazkaoko Udalak eskerrak eman dizkie martxoaren 25ean eta 26an Joxemiel Barandiaran kiroldegian Covid-19 kasuak detektatzeko baheketan parte hartu duten 19 eta 59 bitarteko 1.430 lazkaotarrei. Baita baheketa masiboaren antolaketan parte hartu duten osasun-profesionalei eta langile eta boluntario guztiei ere.

Udalak Lazkaoko herriaren erantzun aparta azpimarratu du baheketan izandako parte-hartze handiagatik "erantzukizun eta gizalegearen adibide bat emanez. Lazkaotarren laguntzari esker, 1.430 PCR proba egin ahal izan dira, eta datozen egunetan Osasun Sailak kutsatze-katea apurtzen eta birusaren hedapena geldiarazten lagunduko duten emaitzak jakinaraziko ditu", nabarmendu dute Udaleko ordezkariek.

Kepa Zubiarrain alkateak eskerrak eman ditu "Lazkaoko herritarren parte hartzeagatik, eta beste behin erakutsi du beti erantzuten dutela behar denean, bai eta bi egun hauetan baheketaren funtzionamendu ona ahalbidetu duten profesional guztiei ere. Jarrai dezagun zaintzen, dagozkion osasun- eta prebentzio-neurri guztiak errespetatuz, eta urruntze sozialari eutsiz. Elkarrekin eta urratsak batera eginez bakarrik utziko dugu atzean Covid-19a".

Eskerrik asko Lazkao