• Kanpaina hau herriko ostalari eta merkatariekin partekatu da eta helburua du, Covid-19ari guztiok batera aurre egiteko babes neurriak betetzearen inguruan herritarrak kontzientziatzea.
  • Aurten ez dira San Prudentzioak ez eta Lazkaomendiko jaiak ospatuko eta Udalak herritarrei ohiko eran, neurriak zorrotz betetzen jarraitzeko deia egin die.

Martxoaren amaieran, Lazkaoko Kultura Batzordeak, momentuko osasun egoera eta krisialdia aintzat hartuta, 2021eko San Prudentzioak eta Lazkaomendiko jaiak ez ospatzea erabaki zuen, prebentzio neurri gisa eta herritar ororen segurtasuna lehenetsiz.

Aho batez hartutako erabaki horri jarraiki, oraingoan, kontzientziazio kanpaina berria abiatu du Udalak, hain zuzen, birusaren aurrean babesteko neurriak betetzearen ingurukoa. Kanpaina hori, osteguneko merkataritza eta ostalaritza mahaian herriko profesionalekin landu eta elkarbanatu da.

Horren baitan, euskarri material desberdina garatu du Udalak. Batetik indarrean dauden neurri guztiak batzen dituen kartel bat osatu du, herriko taberna, jatetxe, denda zein saltokietan jartzeko. Era berean, ostalarien artean banatzeko baso-azpikoak ere egin ditu, herritarrei mahaian eseri aurretik, hori garbia dagoen ala ez jakinarazteko.

Euskarri edota material zein kanpaina honen bitartez, herritarrak neurriak betetzeak duen garrantziaz kontzientziatzeaz haratago, aurtengoan, Lazkaon, apirilaren 27,28 eta 29a ohiko egunak izango direnaren mezua indartu nahi du Udalak. “Birusak azken urtean eta bereziki azken asteotan izan duen bilakaerak eta kutsatze kopuru altuek ezinezko egin dute jaiak ohiko eran ospatzea. Ez da, beraz, jai egunik egongo, ohiko egunak izango dira Lazkaon eta herritarrei ohiko eran, erantzukidetasunez eta arduraz, jokatzeko eta neurriak betetzen jarraitzeko deia luzatzen diegu”, azaldu du Kepa Zubiarrain, alkateak.

Jaiak ez ospatzearen aldeko erabakia bezala, kontzientziazio kanpaina honek ere herritar ororen segurtasuna eta osasuna ditu ardatz. Ildo horretatik, alkateak adierazi du festa egunak izango liratekeen egun horiei begira neurriak zorrotz betetzen jarraitzen direla bermatzeko, udaltzaingoaren zerbitzua ere erreforzatu egingo dela.

“Arduratsuak izaten jarraitu behar dugu, osasun jarraibideak errespetatuz eta, kaleko talde masiboak saihestuz. Birusari aurre egiteko ezinbestekoa da horren aurka guztiok bat egin eta indarrean dauden neurri oro betetzea. Horrela lortuko dugu, ziur, datorren urtean San Prudentzioak, Lazkaomendiko jaiak eta dena delakoak inoiz baino gogotsuago ospatu ahal izatea”, amaitu du alkateak.

Kanpaina