• Dagoeneko agortu dira joan den apirilaren 12an salmentan jarritako merkataritza bonuen III. edizioko 1.500 aleak eta horien arrakasta ikusirik, bonu gehiago ateratzeko aukera aztertuko du Udalak.
  • Baserritar ekoizleei zuzenduriko bonuak, halaber, eskuragarri daude oraindik: 20 eurotan erosi eta 35 euroko erosketa ahalmena eskaintzen dute eta Ekoizleen Gidan barneratutako 5 baserritarrei egin ahalko zaizkie erosketak.

Joan den apirilaren 12an, Lazkaoko Udalak baserritar ekoizleen bonuak eta merkataritzako kontsumo-bono kanpaina berri bat jarri zuen abian, tokian tokiko ekonomia eta kontsumoa sustatu eta babesteko helburuz.

Lazkaoko Udalak 2021ean merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza suspertu eta sustatzeko ‘Suspertze
Plana’-ren baitako ekimenak dira biak, Covid-19aren pandemiaren harira 2020ko maiatzean abian
jarritako Suspertze Planaren eboluzioa, alegia.

Kanpainak harrera ezin hobea izan du beste behin herritarren artean eta astebeteko epean dagoeneko agortu dira merkataritza bonuen III ediziorako salmentan jarritako 1.500 aleak; 30 euroko prezioan 40 euroko eroste-ahalmena duten bonuak dira horiek. Bonu horiek ekainaren 11a baino lehen erabili beharko dira kanpainara atxikitako 60 saltokietan.

Edozein kasutan, aipatu bonuen arrakasta ikusirik, bonu gehiago ateratzeko aukera aztertuko du orain Udalak.

Baserritar ekoizleen bonuak, oraindik eskuragarri

Ildo beretik, merkataritza bonuekin batera, baserritar ekoizleen produktuak merkaturatu eta lehen sektorean mugimendu ekonomikoa sortzeko helburuz, Udalak aipatu sektoreari zuzenduriko bonuak jarri ditu lehen aldiz salmentan, hain zuzen 200 ale.

Horiek 20 eurotan erosi eta 35 euroko erosketa ahalmena eskaintzen dute, Baserritar Ekoizleen Gidan barneratutako 5 baserritarrei erosketak egin ahal izateko. Bonuak oraindik eskuragarri daude Lazkaoko udaletxean, 8:00etatik 18:00etara bitartean eta herritar bakoitzak 5 bonu eskuratu ahal izango ditu. Kanpaina, gainera, azaroaren 30a arte luzatuko da.

bonoak 2