• “Arauak eta mugak familian. Nola ezarri era asertibo batean” eta “Emozioen garrantzia familian. Nola zaindu seme-alaben emozioak” dira hitzaldi berriak.
  • Martxoaren 23an eta 30ean izango dira, biak Kultur Etxeko erakusketa gelan.
  • IZEN EMATEA: https://forms.gle/RrsHkQaYDUmZF91i8

TREBA Gurasoak ekimenak eta Lazkaoko Udalak beste bi hitzaldi antolatu dituzte datozen asteetarako. Kasu honetan, datorren martxoaren 23an eta 30ean izango dira, asteazkenean, eta Kultur Etxeko erakusketa gelan. Euskara hutsean izango dira hitzaldiak, eta bi saioetarako sarrera doakoa izango da. Izen ematea martxoaren 7an irekiko da, 20ra arte, eta www.lazkao.eus webgunean eman behar da izena, honako estekanhttps://forms.gle/RrsHkQaYDUmZF91i8

Aurreko hitzaldian izandako partehartzaileen balorazioa positiboa izan zen, jorratutako gaiak oso interesgarri bezala jo eta gero. Horri eutsiz, TREBA Gurasoak eta Lazkaoko Udalak erantzun berbera izatea espero dute datozen hitzaldiek.

Hilaren 23rako antolatutako hitzaldia ‘Arauak eta mugak familian: nola ezarri era asertibo batean’ izango da, trebatzailea Leyre Cano psikopedagogoa delarik. Hitzaldi honetan familia-hezkuntzaren eredu ezberdinen ezagupena eta familia-hezkuntzaren eredu ezberdinak erabiltzearen ondorioak landuko dira, besteak beste. Sarrerak www.lazkao.eus webgunean eskuratu daitezke. Lortu nahi diren helburuak dira familia- giro ona izateko modua lantzea, familian arauak eta mugak izatearen beharra jakitea, familiako arauak era asertiboan jartzearen onurak ikustea eta familian arauak era asertiboan jartzeko tresnak ezagutzea, besteak beste.

Bestalde, hilaren 30ean eskainiko den hitzaldia ‘Emozioen garrantzia familian: nola zaindu seme-alaben emozioak’ izango da, eta trebatzailea Donna Apellaniz terapeuta sistemiko-emozionala izango da. Kasu honetan seme-alaben emozioek egunerokoan duten garrantzia azpimarratu, eta horiek kudeatzeko eta zaintzeko lehen urratsak azalduko dira. Landuko diren funtzioetako batzuk emozioen funtzioak, kudeaketa emozionala, haurren emozioak eta bidelaguntza emozionala izango dira, besteak beste.

PORTADA trebagurasoak