• San Prudentzio jaiak apirilaren 22tik maiatzaren 1era ospatuko dira eta Lazkaomendikoak, berriz, maiatzaren 6tik 8ra.
  • Aurten Lazkao Txiki Musika Eskolak jaurtiko du jaiei hasiera emango dien suziria.
  • Musika alorrean, nabarmentzekoak dira honako taldeek zein DJ-ek eskainiko dituzten kontzertuak: Zetak, Joselu Anaiak, Dj Bull, Tolin Mariatxia, Zelanda, Xaibor edota Ohian Vega. Kontsultatu egitaraua bere osotasunean lazkao.eus-en
  • “Ekintza bete datoz jaiak. Orain, guztiok, ilusioa eta jai giroa gailentzeko irriparra jartzera gonbidatzen ditugu lazkaotar zein bisitari guztiak. Atera gure herriko txokoetara eta gozatu jaiez, beti arduraz eta errespetuz” luzatu du gonbita alkateak.

 2022ko San Prudentzioetako eta Lazkaomendiko jaien egitaraua eman du ezagutara Lazkaoko Udalak. San Prudentzio jaiak apirilaren 22tik maiatzaren 1era ospatuko dira eta Lazkaomendikoak, berriz, maiatzaren 6tik 8ra. 

Prentsa agerraldian eskaini dituzte xehetasunak Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak, Amagoia Naldaiz Kultura zinegotziak, Miren Larrañaga Kultura teknikariak eta Aitor Altuna, Landa eremuko zinegotziak Lazkaomendiko jaien ordezkaritzan. 

Aurten Lazkao Txiki Musika Eskolak jaurtiko du jaiei hasiera emango dien suziria. “25 urtez gure ondare musikala ehuntzen joan den eskola kuttunak” nabarmendu du alkateak. Orduan egingo du eztanda jaiak 67 ekintzatik gora eskainiz. 

Jaiek ohiko esentzia mantenduko dute, kirol ikuskizun, musika, haurrentzako ekitaldiak edota herriko eragileen jarduerekin. 

Musika alorrean, nabarmentzekoak dira honako taldeek zein DJ-ek eskainiko dituzten kontzertuak: Zetak, Joselu Anaiak, Dj Bull, Tolin Mariatxia, Zelanda, Xaibor edota Ohian Vega. Baita, noski, Lazkaoko Musika Banda, txistulariak, Jundajo txaranga, Suthai batukada, Kantaka eta Oskarbi taldeen kontzertua, Oin Arin dantza taldea… eta beste hainbat.

Kirol alorrean, izango da Urrezko Aizkora txapelketa, igeriketa erakustaldia, Lazkaoko LXXIV txirrindulari proba edota esku-pilota finala.

Haurren eguna apirilaren 29an izango da, eta txikienek egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izango dute. Jaietan ere haurrentzako hainbat eta hainbat ikuskizun izango dira. 

 

Lazkaomendiko jaiak

Ostiralean, maiatzak 6, arratsaldeko 18:00etan jaurtiko da txupinazoa. Ondoren talo tailerra izango dute eta eguna amaituko dute DJ Oixanirekin. 

Larunbatean, maiatzak 7, arratsaldeko 16:00etan Mus txapelketa izango da Itxurrenen. Ondoren, Potxin eta Patxin pailazoak eta buruhandiak. Elustondo anaiekin erromeria, auzo afaria, eta Astiazaren II eta Andonegi itxurrenen. 

Igandean, hilak 8, ibilaldiekin hasiko dute eguna, txirrinduz zein oinez. Gero, Andoni Egaña eta Maddalen Arzallus bertsolariak izango dira bertsoak botatzen. Arratsaldean herri kirolak nobedade eran, bertako taldeekin: Lazkaomendiko beteranoak, gazteak eta Zaldibiako taldea, eta Ansorregi eta Larrañagarekin erromeria. 

 

Herritarrei eskertza

“Egitarau oparo hau herritar eta talde eta eragileekin elkarlanean burutu dugu eta hori dela eta eskainitako laguntza eskertu eta balioan jarri nahi dugu. Ez hori bakarrik, baita eskertu ere, aurrez, jai egunetan bolondres ugarik zein udal langileek burutuko duten lana. Laguntza hau ezinbestekoa da jaiak aurrera eramateko”.

“Ohi bezala, ardura da gakoa, errespetuz, berdintasunean eta alaitasunez gozatzeko gonbita luzatzen dugu Udaletik. Horretarako sentsibilizazio kanpaina bereziak jarriko dira abian datozen egunetan. Horien artean, protokolo bat zehaztu da, zeina herriko jai puntuetan zein tabernetan banatuko den, eta bertan zehazten da eraso sexistaren bat izanez gero, zer nola jardun” berretsi du Zubiarrainek. 

“Ekintza bete datoz jaiak. Orain, guztiok, ilusioa eta jai giroa gailentzeko irriparra jartzera gonbidatzen ditugu lazkaotar zein bisitari guztiak. Atera gure herriko txokoetara eta gozatu jaiez, beti arduraz eta errespetuz” luzatu du gonbita alkateak.  

Egitaraua jada labean da eta datorren astean iritsiko da Lazkaoko etxe guztietara. 

Kontsultatu egitaraua bere osotasunean:

Lazkao Whatsapp page 0001

1649847158052