- Joera horren ondorioz, nabarmen handitu dira eragindako espazio publikoak eta pribatuak garbitzeko eta zaharberritzeko gastuak, eta gastu metatua 15.000 €-tik gorakoa da aurten.
Lazkaoko Udalak kezka adierazi du herriko kaleetan, jolas parkeetan eta eraikinetan pintadak nabarmen ugaritu direlako. Joera horren ondorioz, nabarmen handitu dira eragindako espazio publikoak eta pribatuak garbitzeko eta zaharberritzeko gastuak, eta gastu metatua 15.000 €-tik gorakoa izan da aurten.
Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak herritar guztiei arduraz jokatzeko deia egin die. "Bada garaia herritar guztiei eragiten dieten horrelako jokabide eta ekintzak alde batera uzteko. Nahitaezkoa da espazio publikoak zein pribatuak zaintzea eta errespetatzea, baita hiri-altzariak eta udal-ondarea ere. Baterako ahalegin hori funtsezkoa da herritarren bizikidetza hobetzeko eta gure hiria zaintzeko", berretsi du.
Alkateak gogorarazi du Lazkao "guztiona" dela, elkarlanaren eta elkarrekiko errespetuaren garrantzia azpimarratuz. "Lazkaoko bizilagunei eta bisitariei dei egiten diegu ahalegin komun honetan bat egin dezaten, ekintza bandalikoak salatuz eta ingurunearekiko errespetua sustatuz, Lazkao elkarrekin hobetzen jarraitzeko".