• Lazkaok LGTBI+fobiaren aurkako politikekiko konpromisoa berretsi eta berdintasuna eta aniztasuna sustatzeko ekimenak sustatzen ditu.

1990eko maiatzaren 17an, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) homosexualitatea ezabatu zuen buruko gaixotasunen zerrendatik. Gertaera hori mugarri historikotzat jo dezakegu orain, eta urrats garrantzitsua da sexu-orientazioa eta -identitatea gure gizartean ematen den aniztasunaren parte bat dela onartzen hasteko. Duela hamarkada bat baino gehiagotik, beraz, maiatzaren 17a da LGTBI pertsonen kontra (lesbianak, gayak, bisexualak, transak eta intersexualak) zuzendutako gorroto eta indarkeria mota guztien aurkako Nazioarteko Eguna.

1990. urtetik eta gaur arte aurrerapauso ugari eman dira legeen bidez hiritar guztien berdintasuna bermatzeko, norbanako bakoitzaren sexu-orientazioa edo generoa edozein direla ere, eta gure lurraldean lege garrantzitsuak egin eta onartu dira herritar guztien eskubideak berdinak izan  daitezen  bermatzeko eta LGTBI pertsonak gainerako guztiekin parekatzeko. Gizarteak ere egin du aurrera zentzu honetan, eta gaur esan genezake gero eta espazio sozial gehiago ditugula non pertsona bakoitzak gure sexualitatea eta generoa bizitzeko aukera askatasun osoz bizi eta adieraz ditzakegun.

Lege-aldaketak eta aurrerapauso sozialak ugari izan diren arren, LGTBI pertsona asko eta asko dira oraindik diskriminazioari, estigmatizazioari eta indarkeria egoerei aurre egin behar dietenak. Euskal gizarteari bide luzea geratzen zaio oraindik egiazko berdintasun eraginkorra lortzeko. Gure zoritxarrerako, aurriritziek, uste ustelek, estereotipoek, gaitzespenak eta gorrotoak  bizirik diraute oraindik hainbat sektore sozialetan.

LGTBI pertsona asko dira oraindik ikusezintasunaren mende bizi direnak, beren sexu- edo genero-identitatea ezkutatu beharra ikusten dutelarik (batez ere lesbianak, transexualak, adinekoak edo desgaituak badira), eta gure hirietako espazio publikoetan ematen ari den LGBT+fobia salaketen gorakadak agerian uzten du oraindik ez garela iritsi sexu-edo genero-aniztasuna berdintasun egoeran eta diskriminaziorik gabe bizitzeko eta adierazteko askatasun-egoerara.

LGBT+fobiaren kontrako borroka da pertsona guztientzat berdintasun printzipioa, duintasuna eta Giza Eskubideak defendatzea. Aniztasuna da gure aberastasunik handienetako bat, eta LGTBI pertsonen aurkako diskriminazio eta indarkeriaren kontra egingo den ahalegin bakoitza aurrerapauso bat da gero eta gizarte inklusiboagoa eraikitzeko, jarrera baztertzaileak baztertuko dituen gizartea, bidezkoagoa, errespetuan eta berdintasunean oinarrituta eraikiko dena.

Azken urteetan LGBT+fobia kasuen salaketak areagotu egin dira, eta hau, batez ere, LGBT+ mugimenduak egindako kontzientziazio eta salaketa lanari esker izan da. Instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak garatzeko bideak ezartzea ezinbestekoa dugu. Puntualak diren politikak alde batera utzi eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko unea da.

Bukatzeko, dei egiten dugu maiatzaren 17aren bueltan antolatu diren ekiman eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta amaitzeko, LGBT+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak aitortu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako. Gure bizitzek balio dutelako, stop LGBT+fobia!