- Apirilaren 7an hasiko da 2025eko errenta aitorpena egiteko epea Gipuzkoan, eta uztailaren 2an amaituko da.
- Urtero, Beasain, Lazkao eta Ordiziako herritarren artean euskaraz egindako errenta aitorpenen kopurua handitzen ari da. Udal ordezkariek prentsaurrekoan parte hartu dute, hazkunde hori sustatzeko eta prozesua errazteko jarraibideak emateko.
Lazkaoko, Beasaingo eta Ordiziako Udalek hamaseigarren urtez jarraian abiatu dute “Errenta Aitorpena euskaraz. Ogasunarekin euskaraz!” ekimena, herritarrei euskaraz egitea bultzatzeko helburuarekin.
Kanpaina Gipuzkoan errenta aitorpena egiteko epea hasiko den egunean bat dator, apirilaren 7an, eta uztailaren 2ra bitaarte egongo da zabalik.
Ekimenaren aurkezpena Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkatea, Leire Artola Beasaingo alkatea eta Adur Ezenarro Ordiziako alkatearen eskutik izan da, Lazkaoko Udalean egindako prentsaurrekoan. 2009. urtetik martxan dagoen kanpaina honek, urtez urte, euskaraz egindako errenta aitorpenen kopurua handitzea eta herritarrei zein izapide egin daitezkeen eta nola egin jakinaraztea izan du helburu.
Errenta aitorpena egiteko bideak eta epeak
Gaur egun, errenta aitorpena egiteko hiru aukera daude eta guztiak euskaraz egiteko aukera ematen dute:
Auto-likidazio proposamena: Apirilaren 7tik uztailaren 2ra bitartean, herritarrek Ogasunaren autolikidazio proposamenak jasotzeko eta onartzeko aukera izango dute. Proposamena onartzean, euskaraz egiteko eskatu ahal izango da eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko ditu.
Mekanizatua: Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko epea apirilaren 13an hasiko da eta ekainaren 8ra bitarte egongo da irekita. Hitzordua eskatu orduko, Ogasunarekin euskaraz harremanak izateko eskatu beharko da. Ogasunarekin bulegoetan aurrez aurreko harremanak, telefono bidezkoak edo Internet bidezkoak euskaraz egin daitezke. Horrez gain, Ogasunak sinatzeko dokumentazioa euskaraz ere eskura daiteke.
Internetez, Zergabidea atariaren bitartez: Errenta aitorpena Interneten aurkezteko aukera apirilaren 7tik uztailaren 2ra izango da. Horretarako, errenta programaren euskarazko bertsioa deskargatu eta hizkuntza aukeretan euskara hautatu behar da. Aholkularitza edo finantza erakunde baten bidez egiten bada, euskaraz egiteko aukera ere eskatu daiteke.
Euskararen erabileraren bilakaera
Azken urteotan, euskaraz egindako errenta aitorpenen kopurua handitu egin da hiru udalerrietan. 2009tik 2024ra bitartean, Lazkaon %15,52tik %33ra, Beasainen %8,37tik %23ra eta Ordizian %8,29tik %24ra igo da.
Udal ordezkariek herritarrei aukera hau baliatzeko eta izapide hau euskaraz egiteko deia egin diete. Gainera, tradizionalki gazteleraz egindako aitorpenak, egungo teknologia eta aukerak kontuan hartuta, euskaraz egitea oso erraza dela azpimarratu dute eta horrek euskararen erabilera eta presentzia egunerokotasunean indartzen lagunduz.
