• Udazken-neguko eskaintzak hiru proposamen bilduko ditu, Irakurle Eskola Feminista, menopausiaren erronkei buruzko ikastaroa eta dantza eta mugimendua ardatz dituen Emakumeak Mugimenduan egitasmoa. Interesdunek urriaren 8ra bitarte izango dute izena emateko aukera, udaletxean edo www.lazkao.eus helbidean, eta ikastaro guztiak doakoak izango dira. 

Lazkaoko Jabekuntza Eskola Feministak beste ikasturte bati ekingo dio udazken honetan, eta dagoeneko zabalik dago 2026-2027ko eskaintzan parte hartzeko izen-ematea. Ikasturte hau zazpigarrena izango du egitasmoak, eta hiru proposamenen bidez helduko die irakurketari eta hausnarketa feministari, menopausiari eta elikadurari, eta gorputzaren, dantzaren eta mugimenduaren bidezko autoezagutzari.

Aurtengo egitaraua osatzeko orduan, emakumeen interesak eta lehentasunak izan dira abiapuntu. Uda aurretik eta uda osoan zehar zabalik egon den galdetegi baten bidez, emakumeek beren interesak eta proposamenak helarazteko aukera izan dute, eta jasotako erantzunak hartu dira udazkeneko eskaintza diseinatzeko oinarri. Prozesuak, gainera, jarraipena izango du; galdetegian bildutako iradokizunak eta proposamenak kontuan hartuko dira udaberriko programazioa prestatzerakoan ere.

Eskaintzaren barruan, Irakurle Eskola Feministak jarraipena izango du aurten ere. Iratxe Retolaza Gutierrezek gidatutako taldeak hausnarketa feminista mahai gainean jarri eta usteak birpentsatzeko espazioa eskainiko du. Lehen saioa urriaren 5ean izango da, eta hortik aurrera hilean behin elkartuko da taldea, astelehenetan, 18:00etatik 20:00etara. Saioak euskaraz izango dira. Datorren urteari begira, bi idazlerekin topaketak egitea ere aurreikusi dute, eta taldearen baitan erabakiko dute zein idazle izango diren.

Udazkeneko bigarren proposamenak emakumeen bizitzako etapa jakin bati erreparatuko dio. Menopausiako erronkei aurre eginez ikastaroa Aitziber Aizpuru Bereziartua Eliku Zentroko nutrizionistak eskainiko du, menopausian eta perimenopausian sortzen diren erronkei begirada zabala eskaintzeko, elikadurari arreta berezia jarrita. Informazioa ez ezik, eguneroko ongizatea hobetzen lagun dezaketen tresna praktikoak eskaintzea izango du helburu.

Hiru saiotan garatuko da ikastaroa. Urriaren 15eko lehen saioan menopausian gertatzen diren aldaketak eta sintomak landuko dituzte, baita elikadurak, atsedenak, ariketa fisikoak eta osagarriek izan dezaketen tokia ere. Bigarrena urriaren 22an izango da, eta asteko menua planifikatzeari eta elikagai estrategikoak aukeratzeari erreparatuko dio. Bi saioak 18:00etatik 19:30era egingo dira. Hirugarren saioa, berriz, praktikoa izango da: aurretik ikusitakoa eta ikasitakoa sukaldean jarriko dute praktikan, eta eguna taldeko kideen artean adostuko dute. Ikastaroa euskaraz izango da.

Eskaintza osatzeko, Emakumeak Mugimenduan egitasmoak gorputza, dantza eta mugimendua jarriko ditu erdigunean. Oihane Vicente Aguirrezabal gizarte langile, berdintasun teknikari eta Dantza Mugimendu Terapeutak gidatuko du ikastaroa, emakumeentzako sormen eta autoezagutza espazio gisa. Gorputzaren kontzientzia hartzea, emakumeen arteko harreman osasuntsuak sustatzea, elkarzaintzarako eta babeserako espazioa sortzea edo sormena piztea dira proposamenaren helburuetako batzuk. Ez da dantzan jakin behar parte hartzeko, eta dinamikak taldearen behar eta erritmoetara egokituko dira.

Urriaren 14an egingo dute lehen saioa, eta guztira hamar izango dira, asteazkenero 11:00etatik 12:30era, polikiroldegian. Saioak euskaraz egingo dira eta gehienez hamabi lagunentzako lekua izango da.

Jabekuntza Eskolako ikastaro guztiak doakoak izango dira, eta urriaren 8ra arte eman ahal izango da izena, Lazkaoko udaletxean bertan edo udalaren webgunearen bidez, www.lazkao.eus. Izen-emateak ikastaro osoan parte hartzeko konpromisoa dakar. Era berean, gutxieneko izen-emate kopurura iristen ez diren ikastaroak bertan behera gera daitezke; eta ikastaro bakoitzerako ezarritako plaza kopurua gainditzen bada, plazak zozketa bidez esleituko dira.

Lazkaoko Udalak herriko emakumeei Jabekuntza Eskolak eskaintzen dituen espazioetan parte hartzeko deia egin die, elkarrekin ikasi, hausnartu, esperientziak partekatu eta elkar ezagutzeko aukera baliatzeko.


 JABETZE ESKOLA